domingo, 14 de abril de 2013

Neskak VS mutilak??

Betidanik emakume eta gizonen arteko harremanak aztertzeari eskaini izan zaizkion denbora eta energia beste edozeri eskainitakoak baino askoz gehiago izan dira. Hori horrela izanda suposatu beharko litzateke harreman horiek normalizatuta egon beharko luketela, baina oraindik asko entzuten dira "emakumeak ulertzerik ez dago", "gizonezko guztiak berdinak dira" eta antzekoak.
Generoen arteko desberdintasuna horren handia da ezin dugula elkar ulertu? Elkar ez ulertze hori da matxismoaren sortzaile edo matxismotik eratorritako zerbait da? Ez dakit zein den erantzuna, baina nazkatuta nago beti betiko eztabaidak izateaz. Suposatzen da generoen arteko berdintasuna dagoela, jada barneratuta dagoela, batez ere generazio gazteetan. Hala ere, ez da zaila horrela ez dela kalean ikustea. 
Adibide bat jarriko dut. Kalean parrandan erdi mozkortutako gazte talde bat dago eta mutil batek neska bati "zorra" deitzen dio. Neska hori mutila izango balitz berdina gertatuko litzateke? Zein da neska horrek eman behar dion erantzuna? "Puto"? "Gigolo"? Eta zer gertatuko litzateke neskak mutila joko balu? Agian hurrengoan mutilak bi aldiz pentsatuko luke horrelakorik neska horri esan baino lehen, baina neska konkretu horrekin bakarrik funtzionatuko luke. Mutilen kasuan edozeini ezer esan baino lehen kontsideratzen den zerbait da, "hau esaten badiot jo egingo nau?", "bera baino indartsuago naiz?" eta hau pentsatu ondoren erabakiko litzateke zer egin. Neska guztiok hasi behar al dugu kolpeka? 
Ez dut uste biolentzia bidea denik. Beste mila eta bi adibide daude edozein adineko gizon eta emakumeren artean. Gizartean errotuta dagoen mundu ikuskera bat da eta urte eta esfortzu asko exijitzen ditu hori aldatzeak. Horretarako ordea aldatzeko gogoa izan behar da eta askoz errazagoa da "mozkorrik zegoen", "momentuko gauza izan da", "txantxetan zebilen fijo" eta antzekoekin elkar justifikatzea. Badakit hemen idatzitakoak ez duela ezer aldatuko, ez segituan behintzat. Hala ere, horrelakoak entzutean barruan sentitzen dudan inpotentziak bultzatu nau idaztera. Denon artean aldatu beharreko zerbait da. Zer egingo duzu zuk?

No hay comentarios:

Publicar un comentario